Ikasketa dibertigarria

ONGI ETORRI MUSIKA MUNDURA

jueves, 15 de noviembre de 2012

OPERA HISTORIA


Opera testu baten (libretto-a) abestien bidezko antzezpena eta partitura baten interpretazioa konbinatzen dituen forma artistikoa da. Opera mendebaldeko antzerki musikalen usadioaren baitan kokaturik dago. Analogiaz, munduko beste eskualde batzuetan egiten diren antzeko zenbait antzerki musikalei ere opera deritze, esaterako opera txinatarra baina ohitura haek ez dute mendebaldeko operaren jatorri bera. Hala ere, opera ez da mendebaldeko antzerki musikal bakarra: antzinako Grezian bazegoen abesturik eta musikaz lagundurik egiten zen drama greziarra, eta aro modernoan antzeko beste adierazpide batzuk sortu dira, esaterako musikala. Operak hitzezko antzerkiaren elementu askori eusten die, hala nola aktuazioa, eszenaratzea eta jantziak, eta zenbaitetan dantza ere barne hartzen du. Antzezpenak opera-antzokietan egiten dira gehienetan,orkestra batek edo musika-talde txiki batek lagundurik.
Opera Italian sortu zen XVI. mendearen amaieran eta laster Europa osora hedatu zen. XVII. mendean  Heinrich Scützek  Alemanian,  Jean-Baptiste Lullyk  Frantzian eta Henry Purcellek Ingalaterran opera zabaltzen lagundu zuten. Hala ere, XVIII. mendean opera italiarrak Europa osoa menderatzen zuen, Frantzia salbu, eta Handel bezalako konposatzaile atzerritarrak erakarri zituen. Opera seria izan zen Italiako opera-formarik entzutetsuena,Gluckek bere artifizialtasunaren aurka erreakzionatu eta 1760eko hamarkadan opera "erreformatu" zuen arte. Egun XVIII. mendeko operako irudirik ezagunena Mozart da. Nahiz eta opera seria egiten hasi, ezagunagoa da bere opera komikoengatik, bereziki Figaroen ezkontza, Don Giovanni eta Cosi fan tutte, bai eta Alemaniako tradizioaren mugarri izan zen Txirula magikoa.
XIX. mendearen lehen herenean bel canto estiloaren gailurra iritsi zen, Rossinik, Donizzetik eta Bellinik egun ere antzezten diren lanak sortu zituztenean. Grand opera  izeneko estiloaren agerpena ere gertatu zen, Meyerber-en lanen eskutik. Mende honen erdialdetik amaierara operaren urrezko arotzat hartu izan da, Alemaniako Wagnerri eta Italiako Verdiri esker. XX. mendearen hasieran Puccini eta Strauss izan ziren egilerik ezagunenak. Mende honetan esperimentu asko egin ziren opera estilo modernoekin uztartuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario